Zegama turismoa
Zegama, antzinatik Aizkorri-Aratz Parke Naturalerako sarrera nagusietako bat izan da. Egun, bertan, parke naturaleko interpretazio zentroetako bat aurkitzen da, Anduetza Parketxea hain zuzen ere.
Interpretazio zentro honetan, Zegama herriak Aizkorri-Aratz Parke Naturalarekin antzina antzinatik izan duen harremana aztertzen, sakontzen eta interpretatzen da, bisitariari kulturak eta naturak bat egiten duten ingurune idiliko hau ezagutzeko parada emanaz. Era berean, Zegaman, Goierrin nahiz Aizkorri-Aratz Parke Naturalean aurki daitezken bitxi turistiko zein ibilbideen inguruko informazioa ere eskaintzen da.

Anduetza Baserria
XVII-XVIII mende bitartean etxerik gabeko zegamarrek, umezurtzek eta apaizgaiek aurkitu zuten aterpea etxe honetan. Egun berriz, Aizkorriko paisaia ezagutu eta honetaz gozatzera datozen bisitariak hartzeko berregituratu eta prestatu da.

Natura agerian. Aizkorri-Aratz P.N
Euskadiko gailur garaienen jabe den ingurune natural honetan, harkaizti, baso zabal zein gizakiaren aztarnak agerian dituzten larreak dira nagusi. Gune honetan Gipuzkoako kostatik Zegamara doan bidaia pribilegiatuaz gozatzeko aukera izango duzu.

Basoa. Paisaia kulturala
Pago lepatuek, ongi etorri berezia egingo dizute gune honetara eta hauei esker denboran atzera egin eta antzinako basoetan, basogintzan, lanbideetan, paisaian… murgilduko zara; egun ezezaguna eta ahaztua duzun ingurunean.

Zegama berraurkituz
Anduetza baserriko ganbarako beira-arasa erakargarrietan, artzaintzaren, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren, Donejakue Bidearen, mendizaletasunaren, natura babestuaren eta modu iraunkorrean kudeatutako basoen inguruko bitxikeriak eta xehetasunak ezagutzeko aukera izango duzu. Horrez gain, gaur egun, Sandratiko (Leizarrateko) igarobide historikoari buruzko erakusketa iraunkorra ere ikusgai dago bertan, mendeetan zehar igarobide honek izan duen garrantzi historiko, kultural eta soziala ezagutzera ematen duena.

Baso ezkutua. Xiloteka
Anduetza baserriko zimenduetan, Imanol Artolak urteetan zehar bildutako mila eta bostehun egur-lagin inguruz osatutako xiloteka ikusgarriaz gain, 173 zuhaitz-espezieren enborrez osatutako baso berezia aurkituko duzu.

Denda eta Turismo Bulegoa
Parketxeko dendan, Zegama eta inguruko historia, kultura eta natura ezagutzeko hainbat liburu aurkituko dituzu, baita Aizkorri-Aratz Parke Naturalari buruzko argitalpenak eta inguruko mendietan barrena ibiltzeko mapak ere. Horrez gain, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiarekin lotutako hainbat produktu eta oroigarri eskuratzeko aukera izango duzu.