Zegama, antzinatik Aizkorri-Aratz Parke Naturalerako sarrera nagusietako bat izan da. Egun, bertan, parke naturaleko interpretazio zentroetako bat aurkitzen da, Aizkorriko Ataria IZ hain zuzen ere.
Interpretazio zentro honetan, Zegama herriak Aizkorri-Aratz Parke Naturalarekin antzina antzinatik izan duen harremana aztertzen, sakontzen eta interpretatzen da, bisitariari kulturak eta naturak bat egiten duten ingurune idiliko hau ezagutzeko parada emanaz. Era berean, Zegaman, Goierrin nahiz Aizkorri-Aratz Parke Naturalean aurki daitezken bitxi turistiko zein ibilbideen inguruko informazioa ere eskaintzen da.
XVII-XVIII mende bitartean etxerik gabeko zegamarrek, umezurtzek eta apaizgaiek aurkitu zuten aterpea etxe honetan. Egun berriz, Aizkorriko paisaia ezagutu eta honetaz gozatzera datozen bisitariak hartzeko berregituratu eta prantatu da.
Euskadiko gailur garaienen jabe den ingurune natural honetan, harkaizti, baso zabal zein gizakiaren aztarnak agerian dituzten larreak dira nagusi. Gune honetan Gipuzkoako kostatik Zegamara doan bidaia pribilegiatuaz gozatzeko aukera izango duzu.
Pago lepatuek, ongi etorri berezia egingo dizute gune honetara eta hauei esker denboran atzera egin eta antzinako basoetan, basogintzan, lanbideetan, paisaian… murgilduko zara; egun ezezaguna eta ahaztua duzun ingurunean.
Anduetza baserriko ganbarako beira-arasa erakargarrietan gordeta artzaintzaren, Zegama-Aizkorri Mendi Maratoiaren, Donejakue bidearen, mendizaletasunaren, natura babestuaren eta modu iraunkorrean kudeatutako basoen inguruko xehetasunak begiztatuko dituzu...
Anduetza baserriko zimenduetan, egurrezko mila eta hirurehun oholtxoz osatutako Imanol Artolaren xilotekaz gain, espezie ezberdinetako 177 enborrez osatutako baso biziki berezia aurkituko duzu.
Aizkorriko Ataria IZ-ko dendan, Zegamako hainbat produktu eskura ahal izango dituzu, gazta, intxaur-pastak, zeramikazko piezak, eztia eta egurrezko pieza zizelkatuak besteak beste.
Aizkorri Ataria I.Z-Anduetza baserria
San Bartolome auzoa, 13 - 20215 ZEGAMA aizkorribidean@aizkorri.net